memoria historikoa
Ostiralean ikusi nuen Salvador pelikula, gogorra, oso gogorra, errealitate konplexu eta ilun baten ispilu.
Historia benetan gustuko dudan zientzia da, gertaera historikoek gaur egungo gizarte hau hobeto ulertzen laguntzen dutela uste dut baina hain da erlatiboa kontatzen diguten eta ezagutzen dugun historia. Horrelako pelikulek ordea, gertakari historikoak modu osoagoan ikusten laguntzen dute. Ziur ez dela gertatu zenaren kopia perfektua, baina Salvador Puig sentimendu bizitako pertsona bat izan zela erakusten du, familia on bat zuena eta gizarte hobeago batengatik borrokatzen zuena (nahiz eta hori lortzeko moduekin ados ez egon…)
Pelikulak sentimendu asko sorrarazten ditu ikuslearengan: niri momentu batzuetan haserrea sortu zidan, eta beste batzuetan pena eta samina. Malkoren bat isuri gabe uztea gauza zaila da, nahiz eta hasieratik ikusleak badakien nola amaituko den…
Korapilo bat genuen sabelean zinetik irtetean, merezi al zuen horrelakorik, justifikatu al daitezke ikusitako hainbat eta hainbat jokabide? Gaur egungo gizarteak egin al du aurrerakuntzarik gatazka politikoei dagokienez? Zerbaitetarako balio izan al du hainbeste heriotzak?
Ze aberatsa den horrelako pelikulak ikustea, memoria historikoaren izenean eta hausnarketa egiteko giltza moduan.
