Maiteren txokoa

July 22, 2007

Zarautzen idazleak ere badaude

Filed under: Uncategorized

Orain dela pare bat urte garatu zen nigan irakurzaletasuna. Horren erantzule "Angeles y demonios" liburua izan zen Dan Brown-ena. Ordutik, bata bestearen atzetik, liburuek nire iratzargailuari konpainia egiten diote, lanparatxoarekin batera. Azken hilabetean euskaraz irakurtzea tokatu zait, Durangoko azokan erositako hiru liburu hasteko bainituen oraindik eta…hiru liburuak zarauztar herritarrek idatziak dira, kasualitatea! (beno horietako bat Orion jaioa izanagatik, urte dezente daramatza Zarautzen, nik baino gehiago, jajjajjaja).

Aurreko astean bukatu nuen hiru liburutan lehena, Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzitako "Ez dadila eguzkia sartu". Nik gomendatuko nukeen liburua da, beti ere gaia gustatuz gero,  euskal selekzioaren abenturak kontatzen baititu baina oinarria gerra zibila da. Azken urteetan gai honen inguruan dezente irakurri dut eta honekin ere disfrutatu egin dut, gure herriak, gure herritarrek bizi izan zutenera pixka bat hurbiltzen laguntzen du. Liburuan aipu ederrekin topo egin dut, hona hemen adibide bat:

"Non ote zebilen Ugalde, zazpi hilabete antzutako bere lubaki kidea? Zenbat amaren semeri egin behar izan ote zion tiro bere larrua defendatzeko? Listua irentsi zuen. Gerrak harrotzeko baino lotsatzeko arrazoi gehiago ematen zizkion fusila hartu beharrean aurkitzen zenari. Eta hala ere, etxera onik itzultzeko modua egin zezala erregutu zion Jainkoari. Bizirik gorde zezala Ugalde, eta baita beraiek denak ere, komeni bazen."

Jada hasi naiz bigarren liburuarekin, beste zarauztar beteranoago batena, Txilikurena, "Bizitza eredugarriak". Ez dauka zerikusirik aurrekoarekin, baina gustura ari naiz honekin ere eta esan bezala, ilaran hurrengoa zain dago, Andu Lertxundiren "Ihes Betea", uda amaitzerako irakurtzeko asmoz nabilena.

Argi dago Zarautzen idazleen ekarpen aberatsak eskura ditugula, edertasuna ez dago parajeetan bakarrik, herritar batzuen obratan ere bai! 

July 14, 2007

UEU-n urteroko zita

Filed under: Uncategorized

Badira lau urte UEUko Udako Ikastaroetan parte hartzen dudala, lehen bi urteetan ikasle modura eta azken bietan gure Saileko ikastaroa antolatzen edo…Atzo Pedagogia Saileko gure irakasleak saio amaieran zioen, horrelako ikastaroetara etortzen den jendeak bere profesionaltasuna erakusten duela…ez dakit profesionaltasuna den baina gure gaian gehiago jakiteko eta sakontzeko gogoa bai, hori erakusten dute, hortan ez daukat dudarik. Aberasgarria izan da aurten Psikomotrizitate praktikaren inguruan eginiko hausnarketa, bai irakaslea oso ona delako eta baita ikasleek oso ongi erantzun dutelako ere. Horrelako emaitzek lanean jarraitzeko indarrak ematen dituzte, eta bide hortatik jarraitu behar dela argi dago, euskal unibertsitate bat egitea posible dela erakusten delako.

UEUk bere jarduerak gero eta jende gehiagorengana irisarazten ditu eta esfortzu berezia egiten du gure gizartean dauden beharretatik abiatuz eskaintza interesgarriak luzatzeko. Ez da erraza unibertsitate mailako kalitatezko eskaintza zabaltzea eta horregatik, euskaldunok eskertu beharko genukeen zerbait dela uste dut.

Euskal unibertsitatean sinesten dudalako eta hezkuntza maite dudalako, lanean jarraitzeko asmoa daukat, bai horixe!emoticon 

July 8, 2007

San Ferminak

Filed under: Uncategorized

Festa bereziak dira bai euskaldunentzat eta baita beste jende askorentzat ere eta gure belaunaldian ia denok bizi izan ditugu lehen pertsonan Iruñean edo Lesakan. Zerk egiten ditu ordea hain berezi festa hauek hainbeste jende erakartzeko?

Niretzat, txikitan, San Ferminak aipatzea zezenak aipatzea zen, entzierroa zen burura etortzen zitzaidan lehen gauza. Nerabe ginenean ordea, parranda ederra egiteko aukerarekin lotzen nituen festa ezagun hauek. Eta gaur egun…egia esan oraindik ere parranda egiteko aukerarekin lotzen dut, nerabezaro garaia ez baitugu hain urrun baina desplazamenduek sorrarazten duten perezak balantzan alde batera gogor egiten du jada emoticon.

Nabarmen aldatu dena entzierroen inguruan dudan pertzeptzioa da. Orain urte batzuk iratzargailua jarri eta ez nuen ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera galtzen, gaur egun ordea, burutik pasa ere ez zait egiten horrelakorik egitea, izan ere, entzierroen xarma guztiz galdu da niretzat. Orain ez diot erakargarritasunik aurkitzen eta jendeak emozio eta ilusioa adierazten duenean, niri ez zait kutsatzen, inondik inora. Ekintzari berari ez diot logikarik ikusten eta alderantziz, arriskuak barra-barra daudela iruditzen zait. Jatorria non dagoen jakin nahiko nuke, zer dela eta hasi zen ohitura berezi hori eta horrelako arrakasta izatearen arrazoiak zein diren. Horrela beharbada, xarma hori ulertzeko gauza izango nintzateke.

Bien bitartean, niretzat momentuz San Ferminak parranda ederra egiteko aukera izaten jarraituko dute. Ea datorren urtean aprobetxatzen ditudan!! emoticon 






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham