UEU-n urteroko zita
Badira lau urte UEUko Udako Ikastaroetan parte hartzen dudala, lehen bi urteetan ikasle modura eta azken bietan gure Saileko ikastaroa antolatzen edo…Atzo Pedagogia Saileko gure irakasleak saio amaieran zioen, horrelako ikastaroetara etortzen den jendeak bere profesionaltasuna erakusten duela…ez dakit profesionaltasuna den baina gure gaian gehiago jakiteko eta sakontzeko gogoa bai, hori erakusten dute, hortan ez daukat dudarik. Aberasgarria izan da aurten Psikomotrizitate praktikaren inguruan eginiko hausnarketa, bai irakaslea oso ona delako eta baita ikasleek oso ongi erantzun dutelako ere. Horrelako emaitzek lanean jarraitzeko indarrak ematen dituzte, eta bide hortatik jarraitu behar dela argi dago, euskal unibertsitate bat egitea posible dela erakusten delako.
UEUk bere jarduerak gero eta jende gehiagorengana irisarazten ditu eta esfortzu berezia egiten du gure gizartean dauden beharretatik abiatuz eskaintza interesgarriak luzatzeko. Ez da erraza unibertsitate mailako kalitatezko eskaintza zabaltzea eta horregatik, euskaldunok eskertu beharko genukeen zerbait dela uste dut.
Euskal unibertsitatean sinesten dudalako eta hezkuntza maite dudalako, lanean jarraitzeko asmoa daukat, bai horixe!
