Poesiaz beteriko narrazioa
Orain egun batzuk agindu nuen istoriotxoa bidean da…eta bitartean irakurtzen amaitzear nagoen liburu bati buruz hitz batzuk:
"Ez da gaua begietara etortzen", Felipe Juaristiren nobela, abenduan erosi nuen Durangoko azokan eta nahiz eta orrialdeei erreparatuz motza dela eta azkar bukatzeko modukoa dela iruditu, hilabete pasa bada hasi nintzela. Kontua da esaldi bakoitzaren pisuak atal bakoitza luze egiten duela, esanahiz beterik daudelako, mardula delako. Deskribapenak poesia dira eta horregatik, genero honetara oso ohitua ez nagoenez, irakurketa erritmoa asko mantsotu dut liburu honetan.
Udan hartu banuen azkarrago irakurriko nuen ziuraski, psikikoki lasaiago harrapatuko baininduen baina garai honetan buruan hainbeste gauza izateak, liburu honetaz behar bezala ez gozatzea dakar. Esaldi sakonak behar bezala ez hausnartzeak pena ematen dit baina aste honetan, bukatzen dudanean, beste liburuen artean gordeko dut eta baliteke hemendik denbora batera berriz hartu eta irakurtzea, momentu egokia iristen denean!
Deskribapen sakonak, bizitzaren zentzuaz hausnarrarazten dutenak gustatzen zaizkionarentzat liburu ederra.
